XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ama, gela erabiltzeko baimena eskatzen dizut. Errentan hartuko nizuke. Bion artean finkatuko dugu diru kopurua. Bihar, fakultatea utzi eta lan bila hasiko naiz.

Suzanne Denise beste da goibehean. Garaiak dira familia horretan.

Grégoire ezik, oraindik txikia baita. Gurasoengandik aitaren miopia bakarrik jaso duela ematen du, berak aitortu nahi ez badu ere.

Denisek bil-bil egiten du Suzanneren bufanda gorria.

- Baina zertaz ari zara? Hitz egingo diot. Badakizu aitak izugarri maite zaituela. Bere onetik atera duzu. Konponduko dugu hori.

Suzanne, ez al duzu ulertzen zeure aitaren kontra matxinatzen ari zarela?

Suzanne gogotik hasten da barrez. Amaren eskuari oratzen dio, eta barre egiten du hark ere. Barreak Grégoire ere kutsatzen du. Hirurak ari dira barrez lehertu beharrean.

Suzannek hitz izugarriak esan berri ditu, eta hor daude hirurok barrez, lehengo sesiorik gertatu ez balitz bezala. Ez dut ulertzen.

Suzannek ama eserarazten du larru zaharrezko besaulkian, eta den luzea etzaten da Grégoireren ohe gainean. Barrea ezpainetan, esaten du:

- Doktore andrea, aitaren kontrako matxinadak jo nau. Oso larria da. Are kaltegarriago oraindik, ez naiz neure edipoaz sendatu, edo hura da bereaz sendatu ez dena.

Denisek ez du barrerik egiten.

- Ez zenuke hau guztia horren arin hartu behar, Suzanne.

- Zergatik, doktore andrea. Zergatik? Ez al zaizu iruditzen gauza tristeagorik badela bizitzan?